Azken egunetan berriro piztu da kriptotxanponei buruzko eztabaida sarean. Mark Zuckerbergek amets bat izan du, eta ez da Martin Luther Kingen antzekoa, non Facebookek bere moneta propioa ateratzen zuen herrialde baten gisa funtzionatuz. Makroenpresa honen zerbitzuak (Facebook, Whatsapp edo Instagram) erabiltzen dituzten 2.400 milioi pertsonak osatutako mundu mailako herrialdea. Libra izena jarri dio 2020an argitaratu nahi duen kriptotxanponari, hau da, Internet sarean bakarrik existitzen den eta finantza erakundeetatik kanpo dagoen txanpona.

Baina erronka handiak izango ditu Libra martxan jartzeko. Alde batetik, kriptotxanponekin dagoen beldurra dago. Horretarako stablecoin bat sortu du, hau da, txanpon egonkor bat, bitcoinak duen espekulazio gorabeheratsua ekiditeko. Eta beste aldetik, eta garrantzitsuena dena, Facebookek erabiltzaileen artean duen konfiantza falta (normala). Bigarren hau da Zuckerbergek libratu behar duen arazo handiena. Gainera, mundu mailako banku nagusi gehienek bere aurka egin dute. Baina honek argi eta garbi esan du ez duela banku baten zerbitzua eskainiko, bere zerbitzuen barnean transakzioak “dohain” egiteko zerbitzua emango duela bakarrik. Adi honekin, Facebookek ez du-eta ezer dohain ematen, transferentzia egitearen truke, zure informazio guztia emango baitiozu Facebooki; eta hark informazio hori salduz, izugarrizko dirutza irabazi lezake.

Beti bezala, nik alternatiba bat proposatuko dizuet: kriptodiruaren munduan murgildu nahi baduzue, baina kontrolatuko ez zaituzten zerbait probatu nahi baduzue, Faircoin diru-zorro bat egitea proposatzen dizuet. Hau ere moneta egonkor bat da, eta ez da inor aberasteko sortu. Estatuen esku sartzerik gabeko mundu mailako sistema ekonomiko berri bat sortzeko asmoa duen FairCooparen elkartrukerako tresna da 2014an sortu zen FairCoina. Ez du beste moneta sozialek, adibidez Euskoak, Euroarekiko duten lotura. Eta diruaren banaketa justuago bat du helburu. Nik jada badut nire FairCoin ziber-zorroa.

Guaixe publikatutako artikulua