Ahots batek esnatu ninduen Gabon gauean. Ez zen Olentzero, emakume ahotsa baitzen, eta ea Maridomingi ote zen ikustera altxa nintzen. Emakumea zen gelan zegoen pertsona, apain eta fin jantzia. Euskal jantzi tradizionaletatik urruti, hemezortzigarren mendeko kondesa itxura zuen. Ada Byron zela esan zidan, Ada Lovelace bezala ezaguna dena, matematikari eta lehenengo programatzailea. Bere eskua luzatu zuen eta ukitu nuen momentuan batera iraganera hegaka hasi ginen, programazioaren lehenengo urratsetaraino. Emakumeak ageri ziren non nahi, programazioa emakumeen gauza zen, “arreta eta kontu” handiarekin egin behar zen lana zelako. Lehenengo ordenagailuak emakumeen eskuek erabiltzen zituzten, 80 hamarkadan gizonezkoek hartu zituzten arte.

Adak askatuta, beste esku batek heldu zidan. Esku honek indartsuago heltzen zidan, soldadu izandako emakume bat baitzen. Chelsea Manningek Wikileaks-entzako filtrazioak egin zituenetik amesgaizto batean pasa du bizitza: torturak, kartzela, presioak… eta bere aurpegian argi ikusten ziren argi ilunak. Egungo egoera ikustera eraman ninduen Chelseak: programazio eta hacker munduan gizonezkoak dira nagusi. Eta matxitrollek izugarrizko presioa egiten diete sarean dauden emakumeei.

Egungo egoerak kezkatu ninduen, baina Xiao Tian gazteak lasaitasuna transmititu zidan eskua heldu zidanean. Hegaka etorkizunera eraman zidan, bere lana erakutsiz. Maskulinizatutako hacker munduaren aurka borrokatzeko sortu zuen “China Security Team” taldea mundu guztira zabaldu zuten, emakume-ok gure artean zaintzeko helburuz, eta cyber mundu hau berreskuratzeko asmoz. Emakume asko ikusten ziren ordenagailu aurrean, baina beti ahizpatasuna eta zaintza bultzatuz. Orduntxe esnatu nintzen eta argi nuen 2020 berri honetarako helburua.

Guaixe publikatutako artikulua